2. Familiei laguntzeko erakundeen arteko III. plana
Banakako azterketa hasi baino lehen, garrantzitsua da Familiei Laguntzeko Erakundeen Arteko III. Plana berrikustea (Eusko Jaurlaritza, 2011a). Familiei Laguntzeko 13/2008 Legearekin batera, eremu horretako lege-esparrua antolatzeko mugarri nagusia da, eta familiei laguntzeko neurri zehatzen arloan eratorritako tresna da.
Planaren helburua hauxe da: “familien bizi-kalitatea hobetzea (…), babesaren, arretaren eta laguntzaren bitartez (...) autonomiako esparruan familien alde indarrean dauden neurriak modu koherentean antolatuz eta laguntzeko neurri berriak arautuz”.
Analisiaren ikuspuntutik, garrantzitsua da planak 13/2008 Legearekin eta harremana daukaten beste arau-elementu batzuekin (aurreko kapituluan aipatu dira) daukan lotura-maila altua. Izan ere, hiru norabide nagusitan egiten du lan:
Alde batetik, neurri zehatzak garatzen ditu, bai ekonomikoak bai zerbitzuak ematekoak.
Bestetik, zenbait politikatan familiaren ikuspuntua bateratzen du; hori oso elementu garrantzitsua da familia tradizionalaren ikuspegia zabaltzen duelako (familien arloan eragina daukaten talde berriak biltzen baititu) eta familietara zuzenean bideratutako neurriak ez ezik familietan eragin altua daukatenak ere barne hartzen dituelako (beste arlo batzuetan, hala nola hezkuntzan, etxebizitzan edo garraioan).
Azkenik, familia-ereduen aniztasuna onartzen du, eredu horiek arautu eta ekintza espezifikoen bidez babesten ditu.
Dena den, eta beharbada hain zuzen esandako guztiagatik, plan hori oso handizalea da (169 neurri eta hainbat administrazio eta talde daude tartean), eta, horren ondorioz, gaur egungo Familia Politikarako eta Gizarte Garapenerako Zuzendaritzak 2012-2016 aldirako 16 ekintza estrategikori lehentasuna eman behar izan die.
Ekintza horien analisiak erakusten du lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzea –garrantzi bereziko elementu bat, aurreko kapituluetan ikusi denez– jarduteko arlo nagusia dela neurrien kopuruari dagokionez (gurasotasun positiboan, diru-laguntzetan eta belaunaldien arteko solidaritatean ere jardunak bildu diren arren). Izan ere, aukeratutako 16 ekintzetatik 9 arlo horretakoak dira, zehazki erakundeen arteko koordinazioaren hobekuntza (lan-mahaiak edo bultzatzeko taldeak), dibulgazioa eta sentsibilizazioa eta ezagutza-trukea elkarrekin ikasteko eta etengabe hobetzeko, zerbitzuei zein prestazio ekonomikoei lotuta.
Gainera, txosten honen landa-lanean, lan-arlo horiek familientzat lehentasunezkoak direla ikusi da, txosten hau idazteko egindako landa-lanean garatu diren elkarrizketen eta eztabaidatzeko taldeen bidez, honakoei lotutako eskaera espezifikoak egin baitituzte (txosten honen ondorioetan eta gomendioetan kontsulta daitezke era zabalagoan):
Erakundeen barneko eta erakundeen arteko koordinazioa hobetzea, erakunde bateko baliabideak nahiz administrazioenak lerrokatuta egon daitezen.
“Uste dut erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko arlo bat dela. Modu koordinatuan lan egitean, arrakasta izateko posibilitateak handitu egiten dira. Baliabideak optimizatzea eta kudeaketan efizientzia sortzea askoz ere errazagoa da administrazioen artean koherentzia dagoenean, eta, gaur egun, koordinatzeko dauden kanalak ez dira egokiak”.
(Gizarte-erakundeekin izandako elkarrizketak)
Familientzat dauden baliabideei buruzko informazioa handitzea eta argitzea, dagoen sakabanaketak horien berri edukitzea eta ondorioz onura ateratzea zailtzen baitu.
“Eskaintzen diren laguntzei buruzko informazio urria dago. Prestazioak eta baliabideak, kasu gehienetan, sakabanaketaren eta komunikazio desegokiaren ondorioz ez dira ezagutzen”.
(Gizarte-erakundeekin izandako elkarrizketak)
Lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko politika integral bat garatzea funtsezkoa da familia-eredu guztien eguneroko premietarako.
“Atsegin dut bateratzearen alde egiten ari dena, baina berdintasunarekin batera sustatzen jarraitu behar da, zeren eta gaur-gaurkoz hobetzeko ibilbide garrantzitsu bat geratzen baita hori errealitate bat izan dadin”.
(Gizarte-erakundeekin izandako elkarrizketak)
Lehentasunezko neurrien analisiak beste datu bat ere ekarri digu, hautatutako neurrien gaitasun ekonomikoari buruzkoa; izan ere –behintzat beste eragile batzuek abiarazitakoei, geroago egiaztatu ahalko direnei, dagokienez–, gaitasun ekonomiko murriztua daukate. Dena den, haietako askok koordinazioa sustatzeko daukaten zereginari esker, eragin handia sor dezakete familien bizitzetan.
Era berean, azpimarragarria da sentsibilizatzeko eta informazioa handitzeko neurriei emandako laguntza, adibidez Concilia+ tresna lehenetsiz. Tresna horren bidez, enpresek, sindikatuek, langileek eta autonomoek bateratzeari buruzko informazioa jasotzeko eta hausnartzeko gune bat daukate. Horrez gain, autodiagnostikoak egin ditzakete, bateratzeko neurrien aplikazioaren kostuak eta onurak kalkula ditzakete eta diru-laguntzak eta hobariak eskatzeko edo bateratzeko neurriak baliatzeko behar diren izapideen inguruko informazioa jaso dezakete. Halaber, familientzako baliabideetarako sarbide errazagoa eta zabalagoa dakarten tresnen sorrera lehentasuna eman beharreko elementu bat dira eta familiek hori eskatzen dute.
Neurri horiek guztiek, ordainketa publiko murritza ekartzen duten arren (adibidez zerga-arloari edo gizarte zerbitzuei esleitutako aurrekontuekin alderatuta), eragin altua izan dezakete familien bizitzetan, baina, jakina, ez dute konpentsatzen kostuak orekatzeko neurri zuzenetan egiten den inbertsio murritza. Izan ere, hurrengo kapituluan ikusiko denez, inbertsio hori Europako estandarretik oso urrun dago.